XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arrantzalea da Bienaberen pintura kostunbristaren motibo nagusia.

Halabeharraren aurrean sendotasunez eta lasaitasunez onartzen duen lan arriskutsu horrekiko atxekimendu eta adorearen sinboloa dugu arrantzalea.

Tipologia ezberdinak gorabehera angularia izan, zein txibizalea, zein kainaberaria edo itsas barrukoa izan, arrantzalea beti ere, Gagnérek idazten duenez, existentziaren arazoaren aurrean apal ageri zaigu 133- GAGNERE, Fernand. Una vida cotizada. Bilbo, La Gran Enciclopedia Vasca 1973, Biblioteca: pintores y escultores vascos de aher hoy y mañana bilduman, 40. fasc. 4. ihekian 338-339 orr..

Egia da zenbaitetan tristura azaleratzen dela haren begitartera, familiatik urrun eta mila arriskuren pean eraman behar duen bizimoduaren zentzu tragikoaren ondorioz:

Arraunak goian daramatzate, baina ez sorbaldak, diosku Gagnérek, baina ez gaude autore honekin ados, pertsonaia hauek izaki bentzutuak, inolako itxaropenik gabeak, direla dioenean.

El regreso (1926) koadroan, Bienabek ondo gakotzen digu bere itsas gizonen egia.

Lankide hondoratu baten galerak itsaso mehatxukor eta zakartu baten bazterrean bildutako zenbait arrantzalerengan sortarazten duen oinazean dago zentraturik koadro honen gaia.

Arrantzale batek beste bat kontsolatu nahian dihardu, bere esku latza bizkar gainean pausatzen diolarik.

Beste gizairudien aurpegiak oinazearen oinazez bihurriturik ageri dira, baina bizitzak aurrera jarraitu behar duela onartuz.

Sardinzalea bere lanera itzultzen, arraunlaria bere eginkizunera lehiati.

Arrantzaleek itsasoaren nagusigoa jauresten dute, eta lagun kuttunaren galerara etsitzen.

Itsaso zakarrak labarrien hondoari darauntsan bitartean, ulertu ere egiten dugu zein den gizon hauen patu eta bizimodua.

Beraiek eta itsasoa gauza bat eta bera dira, lege naturalen menpeko bizikidetasun bat.

Arrantzaleak badaki hori, eta sendotasunez aurre egiten dio bere halabeharrari.

Tragedia aintzat hartzeak ez bait du nork bere burua garaitua sentitzen duenik esan nahi.

Arrantzaleez gain, nekazal giroko tipoak ere hautematen ditugu Bienabe Artiaren lanetan itaurlariak edo segalariak, kirolariak aizkolari eta pelotariak, jaizaleak musikari eta alarde-mutilak, eskaleak, preso eta mozkorrak, erromesa, kristeroa, arlotea eta mozorroa, guztira ere erretaula jori eta oparoa osatuz.

Hegoamerikan emandako urteetan ere, badu Bienabek bertako giza tipoen oharpenerako joera, haien itxuraren exotismoak erakarririk, eta horregatik pintatzen ditu, noski, zenbait haur boliviar fruitu-garraioan, Peru Garaiko inditarrak, nekazari txiletarrak, ijitoak eta tropikora emigraturiko espainiarrak.

Are saiatu ere egiten da lorategi tropikal bat pintatzen, bertan zenbait biluzi femenino kokatuz.

Bienaberen gizonak beronen paisaia bezalakoak dira, jaioak diren eta bertara itzultzekoak diren lurra bezalakoxeak, ez dira ageri ez husturik ez haragigabeturik, baizik eta humanizaturik, espiritualizaturik, poetizaturik.

Gizona aparteko duintasunez jazten da Bienaberen eskutik.